jueves, 15 de diciembre de 2011

ZENBAT KIROL EZAGUTZEN DITUZU?


Beti esan ohi da ez dagoela galdera zailik, erantzun zailak baizik. Izenburuko galdera hau ez da  zaila, ezta bere erantzun posibleak ere.
Inkesta bat eginez gero, urte sasoiaren arabera, lortutako emaitzak ezberdinak izango lirateke. Adibidez, irailetik aurrera galdetuz gero, futbola izango litzateke erantzunik errepikatuena, saskibaloia, eskubaloia eta tenisa ere gorengo mailetan agertuko lirateke. Ostera, galdera bera negu partean eginez gero, eskia eta snow-a agertuko lirateke, uda partean ziklismoa eta horrela ehunka kirol jasoko genituzke erantzunen artean.
Oraingo honetan, inkesta horretan agertzea zaila izango luketen kirol batzuk ezagutzera emateko asmoarekin nator, pertsona ezgaituentzako prestatutako kirolak baina edonork praktikatu dezakeenak.
Garun paralisia eta motore urritasuna duten pertsonentzako kirola.

  •   Boccia: Grezia klasikoan sortutako kirola da. Britainiar eta daniarrek berreskuratu zuten eta hainbat elbarritasunentzat egokitu zuten. 1992. Urteko paralinpiadetatik da kirol ofiziala. 
Neurketa batean beti bi talde egongo dira. Alde bakoitza pertsona batez (banakako neurketetan), bi pertsonaz (binakako neurketetan) edo hiru pertsonaz (taldeko neurketetan) osaturik egongo da. Garun Paralisia daukaten kirolariei zuzenduta dago, baina oso eraginda daudenei. Hori horrela, kategoria desberdinak daude funtzionaltasunaren.arabera:
BC1: Eskuarekin edo hankarekin jokatzen dute. Pilota hartzeko eta botatzeko zailtasunak izaten dituzte. Teknikari bat izate dute laguntzaile gisa. BC2: Eskuekin jolasten dute eta ez dute laguntzarik behar. BC3: Afekzio handia daukaten pertsonak dira. Aulki elektrikoaren edo laguntzaile baten beharra daukate. Ezin dute eskuarekin jaurtiketa egin. Horretarako material baten laguntza izaten dute: arrapalaren laguntza. BC4: Lau gorputz adarretan disfuntzio garrantzitsuak dituzten kirolariak. Oinarrian ez daukate garun paralisirik.
 

  • Slalom: Slaloma kirol egokituaren sorrerarekin hasi zen. Hasieran, trebetasun proba ikusgarriak ziren, eta bestelako urritasun fisikoa zuten pertsonak praktikatzen zuten. 80ko hamarraldian hasi ziren garun paralisidun pertsonak praktikatzen. Kirol honek eskatzen duena, zera da, ahalik eta denbora gutxienean eta ahalik eta akats gutxien eginik, ibilbidea burutzea da.
  • Boleibol eserita: 1988 urtetik nazioarteko txapelketetan jokatzen da kirol hau. Eserita jolasten da boleibolean eta jokalariak arrastaka desplazatu behar dira.
  • Saskibaloia gurpinduna: 1946. urtean jaio zen kirol hau Ameriketako Estatu Batuetan. Ohiko saskibaloian jokatzen zuten hainbat jokalari, mundu gerratean jasandako zaurien ondorioz, jokatu ezinik gelditu ziren. Jokalari horien eskutik sortu zen aulkian jokatzen den saskibaloiaren berezitasuna. Erroman 1960. urtean jokatutako lehen Joko Paralinpikoetatik dago saskibaloia gurpildun aulkian Paralinpiadetako egutegietan.
  • Atletismoa: Joko Olinpikoetan gertatzen den bezala Joko Paralinpikoetan garrantzia handiena bereganatzen duen kirola da atletismoa. 1960an Erroman ospatu ziren lehenengo Joko Paralinpikoetatik jokatzen da. Lau eremu nagusitan biltzen dira atletismoaren barruan egiten diren proba desberdinak: lasterketak, jauziak, jaurtiketak eta pentatloia. Gurpildun aulkiekin burutzen diren lasterketak abiadurazkoak, fondo erdikoak, eta erresistentziazkoak izan daitezke.
  • Mahai tenisa: Joko Paralinpikoetako lehen kiroletako bat da, Erroman ospatu zen lehen ediziotik (1960. urtean) baitago agendan. Lehenengo Espainiako Txapelketa, berriz, 1967. urtean ospatu zen Vallehermosoko estadioan, Madrilen. Zutik zein aulkian jokatzen da mahai tenisean, eta mahaiaren neurriak ohiko mahai teniseko mahaiaren berdinak dira. ITTFak (Mahai Tenisaren Nazioarteko Federazioa) duen araudia da erreferentzia, baina egokitzapen batzuk ditu aulkian jokatzen duten kirolarientzat.
  • Txirrindularitza: Ohiko txirrindularitzak duen araudi berdina erabiltzen da, Nazioarteko Txirrindularitza Federazioak (FIAC) ezarritakoa, egokitzapen txiki batzuekin. Egokitzapenok bizikleta eta triziklo, segurtasun eta urritasunaren araberako sailkapenari dagozkionak dira.
  • Futbola:Joko zelaia eta ateak txikiagoak dira. Era berean, kirolari kopurua ere, ohiko futbolean baino txikiagoa da. Arauei dagokionean FIFAk ezarritako arautegia jarraitzen da egokitzapen txiki batzuekin: aldeko sakea esku batekin egin daiteke, eta ezin da besoa sorbalda gainetik jaso; ez dago jokoz kanpoko posiziorik; eta atezainak bere taldekide batek pasatutako baloi bat eskuekin har dezake.
  • Igeriketa: Garun paralisia duten pertsonen mugimendua zein gaitasun fisikoa hobetzeko kirol egokienetako bat da igeriketa. Gihar guztien garapena ziurtatzen du, kutxa torazikoaren gaitasuna handitzen du, eta bihotza indartzen du. 
Ikusmen urritasuna duten pertsonentzako kirolak.
  • Goalball: Hans Lorenzen alemaniarra eta Seep Reindl austriarra dira kirol honen sortzaileak. II. Mundo gerrateko elbarrientzat sortutako   programa baten barruan zegoen kirol hau. Bertan, itsu guztiek parte hartu zezaketen, kontzentrazio eta gaitasun fisikoak hobetzeko.
    Gaur egun, kirol hau mundu guztira zabalduta dago, eta 80 bat herrialde dira berau praktikatzen dutenak.
    Zelaian 3 pertsonaz osatutako bi talde aritzen dira (nahiz eta taldeak seikoak diren). Zelaiaren alde batetik zintzarriak dituen baloia bota beharko du talde batek, zelaiaren beste aldean kokatua dagoen aurkako taldearen atean gola sartzeko.
  • Atletismoa: Ikusmen urritasuna duten pertsonek egiten duten atletismoaren aurrekariak Alemanian aurkitzen dira. XX. mende hasierarako antolatzen ziren ikusmen urritasuna zuten pertsonentzako lehiaketak. Hala ere, bigarren mundu gerraren ondorioz egondako urritasuna zuten pertsonen gorakada izango da urritasuna duten pertsonentzako kirola bultzatuko duen fenomenoa.
  • Judoa: Bi modalitate daude judoaren barruan: lurreko judoa eta zutik praktikatzen den judoa. Biak ere joko eremu berean jokatzen dira. Judoa  egiten den
    espazioa laua, biguna, eta batere oztopo gabea izan behar da, ikusmen urritasuna duten pertsonen segurtasunagatik. 16 metroko zabalera eta 16 metroko altuera duen laukia izango da; ez da oso handia izango, horrela kirolariak bere entrenatzailearen hitzak ongi entzun ahal izango baititu.
  • Futbitoa:Ikusmen urritasuna daukaten pertsona askok praktikatzen duen kirola da. Betidanik jokatu den kirola izanik, ofizialtasuna 1986. urtean eman zitzaion Torrejón de Ardozen (Madril) jokatu zen Espainiako I. Futbol Sala Txapelketa jokatu zenean. Egokitzapen garrantzitsuenetakoa baloia dada. Baloiak ateratzen duen zarata erabakigarria baita kirolariaren orientazioan.


Kirol hauetaz gain oztopoen zirkuituak eta zentzumen jolasak proposatu ahal ditugu lehen hezkuntzako klaseetan. Eta horrela, kirol hauek ezagutzera emateaz gain, ikasleek pertsona ezgaienganako duten sentsibilizazioa landuko litzateke.

Bukatzeko, sentsibilizaziorako bideo bat igo dut, espero zuen guztokoa izatea.

Informazio Iturria: Iñurrategi Irizar, Nagore. (2004). MINUSBALIA KIROLA. Debarroko Euskara eta Kirol Zerbitzuak. http://www.kirolaeuskaraz.net/argitalpenak/dokumentuak/kirolegokitua.pdf-tik
 

 
 

No hay comentarios:

Publicar un comentario